263 metroko garaierako Santa Barbara muinoaren gainean kokatzen da gaztelua, Erdi Aroko hirigunearen ondoan. Goialdeari “Goiko obalu” edo “Goikobalu” esaten diote, eta izen hori ematen hasi zaio gotorlekuari arkeologian. Dena dela, Arrasate izena bera ere interesgarria da: Harresi-ate? Mendate bat?

Rodrigo Ximenez de Radak ez du jasotzen Arrasatekoa Alfontso VIII.ak Gipuzkoan eskuratutakoen gazteluen artean, baina Esteban Garibaik historialari arrasatearrak (1533-99) gehitzen dio eginiko zerrendari “y en la frontera de Vizcaya el castillo de Arrasate, que agora se dize Mondragon”.

Hasierako historialariek Antso Abarka errege nafarrak 27 gaztelu eraiki zituela esaten zuten, Arrasateko hori barne. Garibai berak zenbait muga jarri zizkion uste horri, baina: “Si alguna fabrica se puede en el territorio de Guipuzcoa atribuir al Rey don Sancho Abarca, fundandonos en relaciones demostrantes narracion autentica, es el castillo del pueblo, que en este tiempo se dezia Arrasate”.

Eta xehetasun batzuen ondoren, gazteluaren suntsiketa jasotzen du: “y permanecio en pie hasta el septimo año del reyno de don Juan segundo deste nombre Rey de Castilla y León, el qual a suplicacion de la misma villa le hizo derrocar, porque con los vandos y diferencias de aquel reboltoso siglo suyo, parecia antes receptaculo de malhechores y tyranos, que conservación y defensa de gentes y republica”.

Gaztelako Joan II.aren 7. urtean gertatu bazen, gazteluaren suntsiketa 1426 urtean izango zen.

Leinuen arteko borrokek eragindako Arrasate herriaren erreketari buruzko idatzietan, 1448an gertatuta, ez da gazteluaren aipamenik aurkitzen eta ez zuten erabili babesteko, baina oraindik gaztelua ez zegoen oso-osorik suntsituta nolabait, Gaztelako Enrike IV.ak eraisteko agindua eman baitzuen geroago berriro herriak eskatuta, 1457ko martxoaren 30ean, agiri batean geratu den bezala.

Garibaik 1566 baino lehen idazten zuenean oraindik zerbait nabari zen: “y sus torreones y cimientos estan oy en dia en pie, dando verdadero testimonio de lo que solia ser”. Herrian gazteluondo toponimoak iraun du.

1994an, Mertxe Urteagaren zuzendaritzapean, indusketa lanak egin zituzten gazteluaren egitura ezagutzeko asmoz mendiaren goialdean, guzti hori parke ederra eraldatu baino lehen. Hiru dorre ezagutzen ziren eta handik abiaturik, laugarren dorrea eta dorreen arteko hormatalak aurkitu zituzten. Aurkikuntza horiekin gazteluaren oinplanoa marraztu zuten, angeluzuzen bat ia karratua, dorre zirkularrekin izkinetan barruti aldera zabaldurik. Hormen luzera 30 metrokoa zen gutxi gorabehera, eta 2’2 metroko zabalera oinarrian. Indusitakoa begibistan utzi dute, goiko aldeak estali dituztelarik, babeste arren. Argitzeke dago balizko dorre nagusiaren kokalekua eratutako barrutian. Bestalde, ez da baztertzen lotuneren bat herriarekin egotea eta beste harresi bat gazteluaren inguruan, beherago.


Ez zen ikerketaren helburua baina egitura horrekin, aztarnak XII. mendeko bigarren erdialdekoak litezkeela dio arkeologoak. Beti bezala, ideia horrek ez du baztertzen lehenagotik eraikin gotortu bat izatea.

Esandakoaren harira, ezin dugu ahaztu Nafarroako Antso VI.a Jakitunak (erregealdia: 1150-94) eta Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) gotortu egin zutela Euskal Herriko mendebaldea, Gaztelaren nagusitasunari aurre egiteko. Beraz, garai horretakoa izan daiteke Arrasateko gaztelua eta aukera hori indartu egin da eginiko indusketarengatik.